Haurrek harreman afektibo egonkor eta kalitatezkoak izan behar dituzte zaintzen eta babesten dituzten pertsonekin eta ikertzeko eta jolasteko beharrizanak asetzen dizkieten pertsonekin. Lasaitasun eta segurtasun afektiboko giro hori ahalbidetzen denean, ekintza eta elkarrekintza ugari gertatzen dira. Helduekin sortzen diren harreman horiek ongizateko, konfiantzako eta segurtasuneko sentimenduak sorrarazten dituzte eta atxikimendu-figurak ezartzea dakarte. Atxikimendu-figurek eragin erabakigarria dute haurraren garapen sozialean. Figura horiekin izaten dituzten harremanen bidez, gainerako pertsonekin komunikatzen ikasten dute haurrek, beraien portaera erregulatzen eta arrazoi, arau eta balio sozialak barneratzen. Figura horiek gabe, zalantzan eta babesgabe sentitzen dira. Konfiantza eta segurtasuneko testuinguru edo guneak diseinatzea, planifikatzea eta sortzea hezitzaile taldearen ardura da. Testuinguru horretan, haurrek konfiantza eskuratuko dute beraien buruan, bai ingurunea deskubritzeak eta ezagutzeak dakarzkien erronkei aurre egiteko, bai ingurune horretan barneratzeko bitartekoak eta estrategiak eskuratzeko.