Galdera hau erantzuteko Mugimendu Autonomoaren OINARRIRA joan behar gara. Mugimendu Autonomoa EAEn egun indarrean dugun 75/2023 Dekretua aurrera eramateko moduari deitzen diogu. Modu bati, gehiago egon daitezke baina hau bat da. Mugimendu Autonomoa beraz, hezkuntza komunitatean dauden Haur Hezkuntza etapako pertsonei erantzun pedagogiko eta curricularra emateko jaio da.
Mugimendu Autonomoak pertsona(k) izango ditu oinarri eta haurra ezezik, haur taldea, maisu-maistren taldea eta Hezkuntza komunitatea osatzen duten pertsonei egingo die erreferentzia. Mugimendu Autonomoak, Vigoskkyk zioen modura, haurra bere garapen prozesuaren protagonista den heinean ezagutza berriak eskuratzen joango da (Medina, 2007) eta garapen naturalean ematen den prozesua (egozentrismotik sozializaziora, pertsonaren NIaren eraikuntzatik GU-ra, taldera) errespetatzeko konpromezua hartzen du (Chokler 1988), izan ere, haurrak sozializazio etapa horretan, nortasunaren, adimenaren, emozioen eta gizarte-jarreren oinarriak ezartzen baititu (Hoyuelos, 2004).
Haur Hezkuntzak haurraren dimentsio guztietan –fisikoa, emozionala, afektiboa, soziala, kognitiboa eta artistikoa- garapen integrala eta harmonikoa du xedetzat. Horretarako, familiarekin harremana eta elkarlana gakoak izango dira.
Haurraren garapenak baditu berezko ezaugarri batzuk. Haurra globala da eta ondorioz, Haur Hezkuntzako etapak ere izaera globala du. Funtsezko konpetentziak eskuratzeko prozesuaren hasiera da eta konpetentzia hauek 3 eremu desberdinen barne garatuko dira:
1.eremua: Harmonian hazten
2.eremua: Ingurunea ezagutzea eta esploratzea
3.eremua: Komunikazioa eta errealitatearen adierazpena
3 eremuak bata bestearengandik banaezinak eta elkarren osagarriak dira; era progresibo, bateratu eta harmoniatsuan garatzen eta erregulatzen direlarik.
1.eremua: Harmonian hazten
Eremu hau haurraren garapen pertsonal eta sozialean oinarritzen da. Haurraren gorputza garapenerako eta autoezagutzarako oinarria da. Haurra bere gorputza, mugimenduak eta emozioak ezagutzen eta erregulatzen hasiko da; NIAren eraikuntzan aurrerapausoak emanez. Honekin batera, gizarte-interakzioak aberastuko ditu: berdinekin eta helduekin harremanak eraikiko ditu eta elkarbizitza positibo baterako ereduak barneratzen joango da. Horrez gain, behar indibidualak errespetatzen dituzten errutinen bidez, haurrak autonomia pertsonalean aurrera egingo du eta gizarte-ohitura osasuntsuak biziko ditu.
2.eremua: Ingurunea ezagutzea eta esploratzea
Eremu honen helburua haurrak ingurune fisiko eta naturala ezagutzea, behatzea eta esploratzea da. Material eta espazio anitz eta aberatsen bidez, haurra ezaugarriak identifikatzen eta elementuen arteko erlazioak eraikitzen hasiko da; pentsamendu logiko eta zientifikoan lehen pausoak emanez. Aldi berean, naturarekiko errespetua eta jarrera jasangarriak barneratuz joango da.
3.eremua: komunikazioa eta errealitatearen adierazpena
Eremu honek haurrak lengoaia eta adierazpide desberdinen bidez modu eraginkor, sortzaile eta pertsonalean komunikatzeko gaitasuna garatzea du helburu. Komunikazioa gorputzezkoa, musikala, plastikoa, ahozkoa eta idatzia izan daiteke, eta guztiekin esperimentatzea haurraren garapen integralerako garrantzitsua izango da. Haur literaturak paper garrantzitsua du etapa honetan. Haurrak plazerrez bizitzen duten esperientzia izateaz gain, ahozko hizkuntzaren garapena, arreta, ulermena eta identitatearen eraikuntzan lagunduko dio.